CRISTOBAL BALENCIAGA
Cristobal Balenciaga Eizagirre (Getaria, 1895-Alacant, 1972) jostun eta moda-diseinatzaile garrantzitsua izan zen. Goi-joskintzan oso ezaguna, gaur egungo diseinatzaile askorentzat inspirazio iturria da.
Bere aita, Jose Balenciaga, marinela zen, eta bere ama, Martina Eizagirre, jostuna. Txikitatik bere amak herriko familia garrantzitsuei jantziak egiten zizkiela ikusi zuen Cristobalek, eta jostun izateko gogoa hortik etorri zitzaiola esaten da. Baina, garai hartan, nola lortu zuen Getariako gazte batek hain urrun iristea?
Hasieran, Casa Torreseko markesak lagundu zion. Emakume hura Madrileko familia bateko markesa zen, eta Getariara uda pasatzera joaten zen. Jantziak Cristobalen amak egiten zizkion, baina semea joskintzan trebea zela jabetu zenean, 12 edo 13 urterekin, Donostiara joateko aukera eman zion jostun-ikasketak egitera.
Ondoren, Donostian, Bartzelonan, Madrilen eta Parisen ireki zituen dendak. “1917. urtean ireki zuen lehenengo lantegia Gipuzkoako hiriburuan, duela 100 urte”, kontatu digu Irati Arroyok, Balenciaga museoko gidariak. Getariako museoan, diseinatzaile handiaren bizimodua errepasatu dugu bere laguntzari esker.
Balenciaga jostuna eta diseinatzailea zen: “Coco Chanelen ustez, Balenciaga zen beraien artean erabateko diseinatzaile bakarra. Izan ere, prozesu guztia egiteko gai zen”. Bere bezeroak erosteko ahalmena zuten emakumeak izan ziren: printzesak, erreginak eta aristokratak, besteak beste.
“Bere ekarpenik garrantzitsuena silueta berriak sortzea izan zen. Orduan, jantzien goiko partea estua izaten zen, eta beheko aldeak, berriz, bolumena edukitzen zuen. Horren aurrean, Cristobal bolumen handiko siluetak diseinatzen hasi zen: emakumeari erosotasuna ematea zen bere helburua”. Horrez gain, Balenciagaren lepoa asmatu zuen eta mahukei ere garrantzia handia eman zien, bere jantzi askotan kimono-mahukak erabiltzen baitzituen. “Egunean zehar janzteko arropa erosoa eta gauerako dotorea diseinatzen zuen”, azaldu digu.
Arazo ekonomikoak izaten hasi zen eta, aldi berean, preêt à porter moda iritsi zen. Zer da moda hori? Soinekoak banaka eta neurrira egin beharrean, katean egitera pasatzea. Bi arrazoi horiek tarteko, Balenciagak bere lantegiak ixtea erabaki zuen. “1968. urtean itxi zituen, 50 urtez moda-munduan lanean aritu ondoren. Bere ustez, ordurako ahal zuen guztia egin zuen eta, gainera, bere alorra goi-joskintza zen. Beraz, preêt à porter-arekin, bere momentua amaitu zela erabaki zuen eta erretiroa hartu zuen”, azaldu digu Arroyok.